HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 13

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain”. Nik, ordea, hau diotsuet: Gaizkileari ez erantzun gaizki; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere; norbaitek mila pauso egitera behartzen bazaitu, egin bi mila berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu».

Mateo 5, 38-42.

Ez dakit egin denik albistegietan ‘indarkeria’ terminoaren errepikapena jasotzen duen bilketa lanik. Ziurrenez bai. Litekeena da agertzen den gehientsuenetariko bat izatea. Leku urrutienetatik hasi eta gure ingururaino, era guztietako indarkeriaz inguratuta gaude eta, noski, bortizkeriaren ondorioz sortzen diren mendekuaz. Eta okerrena da, etsipenez bada ere,  hain egunerokoak bihurtu diren gaitz horien ondoan bizitzera ohitu garala.

Gaurko Mateoren pasarte honetan Jesusek bere ikasleei, Testamentu Zaharrean onartzen den mendekuari buruz hitz egiten die. Horrelako egoeran egonez gero, jarrera erabat aldatzea eta bihotz zabala izatea eskatzen du. Ez du eskubideen kontuan erreparatzen, eta kasu guztietan ongia egitera animatzen du.

Ez da erraza eskatzen duena egitea. Norbera prest egon behar da gorputzak eskatzen dionari uko egitera, eta gaiztakeriaren aurka  ona egitera. Hori baino ez da, Jesusek eskatzen duen maitasunaren garaipena.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.