HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 12

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gauza asko dut oraindik zuei esateko, baina oraingoz ez zarete gai ulertzeko. Halere egiaren Espiritua etortzean, hark gidatuko zaituzte egia osoraino. Ez da bere kabuz mintzatuko, baizik eta entzungo duena esango dizue eta etorkizuna iragarriko. Hark nire aintza azalduko du, adieraziko dizuena niretik hartuko baitu. Aitak duen guztia nirea da; horregatik esan dizuet Espirituak niretik hartuko duela adieraziko dizuena».

Joan 16, 12-15.

Egungo arazoetariko bat, eta ez txikia, kutsadura akustikoa da eta gobernarientzat ez da erraza aurre egitea.Ez dirudi arren, duen eragina dela eta, airea ere kutsatzen baitu, osasun espiritualean, fisikoan eta pertsonen bizi-kalitatean ondorio kaltegarriak eragin ditzake.

San Juanen hitz hauetatik Jesusek esaten duena da, Espirituaren gidaz eta laguntzaz, Jainkoak gure bizitzan duen presentzia igartzen laguntzen digula, maitasunaren eta sufrimenduaren esanahia ulertzeko argia emanez. Baina esaten duena entzun ahal izateko, arimaren zolatik egin dezaiokegun isiltasuna behar da, kanpoko zaratatik urrunduz, Erraza ez bada ere, ahaleginduz lortzen da.

Gaur igandeko bestak, Trinitateari eskainia, gogora ekartzen digu zeinen kontutan hartua izan den Euskal Herrian, nabarmenki ikonografian eta baita eraikitako ermitetan ere. Azken hauetan gaur, meza eta ondoko erromeriaz ospatzeko tradizioa bizirik duten herriei, zorionak eta ondo pasa!

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.