HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 9
Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin eta esan zien: «Banuen gogoa, sufritu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara zer diotsuedan: ez dut gehiago Pazkoa ospatuko, hau Jainkoarenerreinuan bere betera iritsi arte». Eta edalontzi bat hartu, esker onezko otoitza egin eta esan zuen: «Hartzazue eta banatu zeuen artean. Hara zer diotsuedan: ez dut gaurdanik gehiago ardo honetatik edango, Jainkoaren erreinua iritsi arte». Gero, ogia hartu eta, esker onezko otoitza eginez, zatitu eta eman zien, esanez: «Hau nire Gorputza da, zuentzat emango dena. Egizue hau nire oroigarri». Afal ondoan gauza bera egin zuen edalontziarekin, esanez: «Edalontzi hau itun berria da, zuentzat isuriko den nire Odolaz ezarria».
Lukas 22, 14-20.
Gaur, Jose Antxietakoa, santu eta misiolaria izan zen apez jesuitaren eguna ospatzen da. Baina bada beste bat, duen solemnitateagatik horren gainetik dagoena, Mendekoste ondoko ostegunean 1974tik ofizialki ospatzen dena. “Jesu Kristo, gure Jaun betiereko Apaiz Nagusia”. Israelgo lehen Apaiz Nagusia kontsakratua izan zena, itun zaharraren arabera, Lebitarren tribukoa zen, Aaron. Jarraitu zuten denak Lebitarrak izan ziren. Jesus, Nazaretarra zenez, ezin apeza izan, bere izendapena itun berriarekin lotzen da. Hortara, beste esanahia hartzen du gizon eta emakume guztiekin zuzenago eta hurbilago lotzen dena.
Ebanjelioaren pasarteak, gaur egun apezei ematen zaien esanahi gorena elerazten du: Jesusek, bere apostoluekin batera pazko-afaria ospatzen dagoenean, bere gorputza eta odola ogiaren eta ardoaren iduriz, eurekin partekatzen ditu eta, bide batez, jarraipena ematen dio aurrerantzean ere, bere presentzia bizitzen eta partekatzen jarraitzeko. Hori da mezaren handitasuna, gure artean eta Jesusekin lotzen gaituen unerik hunkigarriena.
Gaurko eguna apezentzat berezia da. Jesusi egiten zaion aitortzarekin, apaizaren irudia goratzen da eta duen misioak eta betetzen duen funtzioak balore berezia hartzen dute. Zorionak apezei, eta gehitzen jarrai dezaten, otoi!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.