HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Ekainak 5

Asteko lehen-egunean, ilunabarrean, etxe batean bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, juduen beldurrez. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei» Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsizizkien. Ikasleak pozez bete ziren, Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik zuek bidaltzen zaituztet» Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Joan 20, 19-23.

Berpizkundetik berrogeita hamar egun igaro dira, eta hortik dator gaur ospatzen den jaiaren balio etimologikoa, Mendekostea. Baina guretzat, gaurko Ebanjelioaren muinak hagitzik ere indartsuagoa den beste mezua ematen digu: Espiritu Santuaren etorrera. Merezi du San Juanen Ebanjelioko testu hau Apostoluen Eginak liburuan egiten den kontakizunarekin erkatzea. Gertaera bera, baina edukian oso desberdinak. Adierazgarria eta indartsua Apostoluen Eginena, baina falta zaizkio Juan Ebanjelistaren testuak transmititzen dituen eduki esanguratsuak.

Horietako batekin bakarrik gelditu nahi dut, agertzen duen jendearen beldurra. Etxe barruan sartuak, ate guztiak itxirik taldean bilduak, eta etsaia etorriko den iziturik. Gaur egunean, leku askotan errepikatzen den eszena da, eta gu ere, distantziak salbu, etxean egon arren ez dugu zenbaitetan beldur faltarik izaten.

Ez dezagun ahantzi, Jesusek adierazi nahi diguna, gardena izateaz gain, bere soiltasunean oso garrantzitsua dela: Bakea ematen digu. Beti hor dagoen konfiantzaz, beldurrik gabe bizi behar dugu. Eta, horrekin batera, Berri Ona zabaltzeko konpromisua hartu. Gaurko bestak goraipatzen duen Espiritu Santuaren laguntza izango dugu.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.