HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Ekainak 4

Aldi hartan, Pedrok, itzuli eta Jesusek maite zuen ikaslea ondoren zetorrela ikusi zuen, afarikoan, Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituena?» galdetu ziona. Hura ikusi zuenean, bada, Pedrok galdetu zion Jesusi: «Jauna, eta hori zer?». Jesusek erantzun zion: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Zuk jarraitu Niri». Hitz hauek zirela eta, ikasle hura hilko ez zelako zurrumurrua sortu zen senideen artean. Jesusek, ordea, ez zion esan ez zela hilko, beste hau baizik: «Ni itzuli arte hori gelditzea nahi baldin badut, zuri zer? Ikasle huraxe da gauza hauez guztiez testigantza egiten duena eta idatzi dituena, eta badakigu egiazkoa dela haren testigantza. Beste gauza asko ere egin zuen Jesusek. Guztiak banan-banan bilduko balira, nik uste, mundu osoan ere ez liratekeela sartuko idatz litezkeen liburuak.

Joan 21, 20-25.

Gaurko ebanjelioak margolari klasiko ugari inspiratu dituen eszena bat biltzen du: Azken afarian Jesusen inguruan apostolu guztiak mahaian eserita, eta Juan gaztearen burua Jesusen bular gainean. Ikonografiaren aldetik, irudia oso plastikoa da eta interpretaziorako joko handia ematen du. Ebanjelioa irakurtzen jarraituz, Pedrok egiten dion galdera esanguratsu batekin jarraitzen du: «Jauna, eta hori zer?». Esan daiteke, testuaren idazleak, eszenako protagonistak berak, Pedrok sentitzen duen errezeloa, agian, jeloskortasuna ere, transmititu nahi duela.

Zenbat aldiz gure bizitzan ez gara aurkitzen antzeko sentimenduak sorrarazten dizkiguten egoeretan? Ez da harritzekoa, gero eta konpetenteagoak izatera bultzatzen gaituen gizarte lehiakor honek, horrelako portaerak sustatzen baititu.

Pasarte honetan Jesusek adierazi nahi duena bestelakoa da:  Bera bidea delarik, bera jarraitzera gomitatzen gaitu. Lasaitasunez, inongo bortxarik gabe eta, garrantzitsuena dena, inguruko presiotik at. Areago, aldekoa lagun bezala ikusi behar dela eta ez norberarekin lehian dagoena. Eta beti maitasunez, Jesusek maite gaituen bezala.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.