HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Ekainak 3

Jesusek, ikasleei agertu eta haiekin gosaldu ondoren, esan zion Simon Pedrori: «Simon, Joanen semea, hauek baino maiteago al nauzu?». Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Bazka itzazu nire bildotsak». Bigarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Zaindu itzazu nire ardiak». Hirugarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?».

Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion: «Jauna, Zuk dena dakizu; Zuk badakizu maite zaitudala». Orduan, Jesusek esan zion: «Bazka itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nahi zenuen tokira joaten zinen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun tokira eramango zaitu». Horrela, zer-nolako heriotzaz Jainkoari aintza emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion: «Jarraitu niri».

Joan 21, 15-19.

Maite al nauzu?

Pedro gutako bakoitza da. Egunero galdetzen digu: “maite al nauzu?” Jaunak ezagutzen du gure bihotza, Hura maitatzeko eta hari jarraitzeko dugun gogoa, gertatzen dena gertatzen dela, baina ezagutzen ditu gure ahuleziak eta gabeziak ere. Eta, hara! Ahultasun hori dela eta maite gaitu Jesusek gehiago, une oro Haren indarra behar dugula dakielako. Eta gu maitatzeko prest dago.

Maitasuna frogatzen da senideei zerbitzu ematean eta norberaren bizitza ematean. Horren erakusgarri da Pedrori Haren artaldea utzi izana. Jesusen ardiak dira Pedrok apailatu behar dituenak. Eta hori harengan duen konfiantzaren seinale argia da. Eta gugan ere konfiantza du.

Badator Mendekoste jai handia. Eska diezaiogun Jaunari bere Espiritua, zazpi dohainekin bete ditzala gure bihotzak, Jesusi jarraitu ahal izateko, Berak nahi duen lekuan eta nahi duen bezala.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.