HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Ekainak 2

Aldi hartan, Jesusek begiak zerura jaso eta honela egin zuen otoitz: «Aita santu hori, ez dut erregutzen hauen alde bakarrik, baita hauen hitzaren bidez Nigan sinetsiko dutenen alde ere. Egizu denak bat izan daitezela. Aita, Zu Nirekin eta Ni Zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela Gurekin, munduak sinets dezan Zuk bidali nauzula. Zuk eman zenidan aintza bera eman diet Nik, bat izan daitezen, Gu biok bat garen bezala: Ni hauekin bat eta Zu Nirekin bat. Horrela guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango du Zuk bidali nauzula eta Ni maitatu nauzun bezala maitatu dituzula hauek ere. Aita, Zuk eman dizkidazunak Ni nagoen tokian Nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua izan baino lehen maite izan nauzulako eman didazun aintza, ikus dezaten. Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; Nik, ordea, ezagutu zaitut, eta hauek jakin dute Zuk bidali nauzula. Jakinarazi diet zure izena, eta aurrerantzean ere jakinaraziko, Zuk niri didazun maitasuna hauengan izan dadin, eta Ni ere hauengan izan nadin».

Joan 17, 20-26.

Bat izan

Jesusek, azken Afariko hitzaldiaren amaieran, Aitari eskatu zion bere jarraitzaile guztien batasunaren alde: “Egizu denak bat izan daitezela. Aita, Zu Nirekin eta Ni Zurekin, biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela Gurekin, munduak sinets dezan Zuk bidali nauzula”. Kristautasunaren historiari begiratuz gero, kristau deitzen garenon artean batasun falta handia ikusten dugu. Denok esaten dugu Kristori jarraitzen diogula, baina errealitateari begiratuta agian ez da horrela. Egia bakarra izan dezakegu, baina gure egia zatituta dago eta bakoitzak uste du egia osoaren jabe dela. Nola izan gaitezke Haren erresumaren lekuko, gure artean hain zatituta egonik?

Apostoluen garaian, Paulok ohartarazi egin zituen: “Ni Petrirena naiz, ni Pablorena, ni Apolorena, ni Kristorena. Zatituta ote dago, bada, Kristo?” Denok gara Kristorenak eta Kristoren Jainkoarenak.

Bat egin dezagun otoitzean, Mendekoste honetan, Espiritu Santuaren mezua uler dezagun eta Egia bakarra dela aitor dezagun, ahal den neurrian, Jesusen nahia betez.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.