HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 31

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!». Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana». Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Lukas 1, 39-56.

Handiesten

Zenbat aldiz topo egin dugun senideekin edo lagunekin eta elkarrizketa jatorra sortu den gure artean. Bizipoza eman diogu elkarri tartetxo horretan. Zenbat aldiz geratu garen harrituta aurrean dugun pertsonaren barne-paisaiaren aurrean!

Horrelakoa izan zen Mariaren eta Isabelen arteko topaketa ere. Bisitaldi horretan, pixkanaka, Jainkoaren poza eta bizipoza eman zioten elkarri. Isabeli Mariaren barne-mundua agertu zitzaion eta Mariari Isabelena: bi emakumeen topaketa sakona. Gainera, Jainkoaren misterioa era berezi eta zehatz batean agertu zen: ezinezkoa zena, orain posible zen.

Isabelek, Mariaren barne-paisaiaz harriturik, dio: “Nor naiz ni Jaunaren amak bisita nazan?” Eta Mariak, Isabelen barne-munduaren aurrean, Magnificat kantu ederraz erantzungo dio: “Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua..!” Gure bizitza ere izan dadila esker ona adierazteko une eta Jainkoa handiesteko aukera.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.