Behin batean, giza krisi garaietan –oso testuinguru latz, ilun eta mehatxagarrian– Hego Amerikako gotzain bati ondorengo gogoeta entzun nion: “basoan, bizi eta hazten diren milaka zuhaitzen soinu isila baino askoz ere ageriagoa eta zalapartatsuagoa da jausten denarena”. Plastikoen kutsadura ezabatzeko, nazioarteko hitzarmen hurbilari buruzko berri itxaropentsua iruzkintzean, Aiora Zabalak ondorengo iruzkina egin zuen Berria egunkarian (2022-03-15, 8. or.): “(…) albiste onak halakoak dira; aurrerapenak ez dira bonba bat bezain astingarriak”.
Beharbada, gure garaiak ez dira onenak izango (noiz izan dira garai onenak?); beharbada, mehatxuak eta gatazkak nonahi ditugu; beharbada, ziurgabetasuna areagotzen ari da. Hedabideetan, lehen orrietako eta lerro-buruetako berriak ez dira gozoak eta samurrak, esperantza dakarten horietakoak.
Ezin daiteke ezkutatu giza historiaren tragediak benetakoak direla. Baina gure atentzioa horietan soilik jartzen badugu, beharbada, bizitzaren daturik inportanteena ezkutatzen dugu. Ustelkeriak –dela soziala, politikoa edo ekonomikoa– nazka ematen digu, baina herritar gehien gehienek egunero lan egiten dute modu leialean eta ondraduan; indarkeria nonahi aurkitzen dugu, baina pertsona gehien gehienek bakez egin nahi dute beren bizitza.