HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 29

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Liburu Santuan idatzia zegoen, Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hilen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-berritzea hots egin behar zaiela haren izenean herri guztiei, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete gauza hauen testigu. Nire Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet Nik. Zuek zaudete hirian, Jainkoagandiko indarrez jantzi zaitezten arte». Gero, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak eta, eskuak jasorik, bedeinkatu egin zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, aldendu egin zen haiengandik, eta zerura eraman zuten. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren pozez beterik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.

Lukas 24, 46-53.

Bedeinkatu

Zer da bedeinkatzea? Ongi esatea besteari buruz, bere baitan dagoen onari buruz. Zenbat aldiz oinarritzen diren besteei buruzko iritziak edo irudiak gaizkian, besteek egin ezin duten zerbaitetan. Zein desberdina den Jainkoaren ikuspegia: beti bestearen begirada positibotik abiatzea eta horretan irautea.

Jesus badoa, baina joan behar horrek ez du tristurarik ez kezkarik sortzen. Jesusen bedeinkapena eraldatzen duen hitza da. Horren adibide dira ikasleak. Galileako gizon-emakumeak, arrantzaleak eta langileak, orain lekuko predikari, lagun bihurtzen dira. Ebanjelioko mezuarekin bizi eta dardara egiten duen kristau komunitatea talde horretatik sortu zen. Bedeinkatzen duen hitza da, eraldatzen duena. Hori da Kristoren boterea. Maitasunaren boterea.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.