Lehenago zeuk maitatu gaituzu (Jn 14, 23-26)

2022 Mai 27

Ez da erraza, Jauna.
Jesus ezagutu zuten lagunek
ez zuten ondo ulertzen…
eta berarekin bizi ziren!
Onartu behar duzu
bi mila urte beranduago,
guztiz bestelako gizarte batean
eta Jesusen hitzak
hizkera ulergaitzean heltzen zaizkigularik,
ez dela erraza
Jesusen mezua geureganatu
eta bere hitza gordetzea.
Ez gaituzu maiteko horregatik?
Ez zara gugana etorriko?
Benetan uste duzu ez zaitugula maite?

Egia da Jesusek lasaitzen gaituela:
“Lasai, orain ez nago zuekin,
baina Aitak laguntzailea bidaliko dizue,
nik esandako guztia ulertu
eta berriz sortzeko”.
Eta orduan bai, ulertzen hasten gara:
Ez dugu beharrezkoa Jesusek esandakoa
hitzez hitz,
ezertarako aldatu gabe
buruz ikasi eta horixe egitea.
Ez, ez diguzu kentzen
erabakitzeko lana…
ezta askatasuna ere.
Eta “ez kezkatu, ez izan beldur” esaten diguzu,
kontua ez baita
gauzak ondo egiten asmatzea,
Jesusenak birsortzen saiatzea baizik.

Eskerrik asko, Jauna,
gauzak gure eskuetan utzirik
gugan jartzen duzun konfiantzagatik;
eskerrik asko
zure proiektua aurrera ateratzeko lanean
ematen diguzun askatasunagatik;
eskerrik asko,
guk ere zugan konfiantza jarriz gero
eskaintzen diguzun bakeagatik.

Zurekin konpromisoa hartu nahi dugu, Jauna.
Gaur eta hemen,
Jesusek gure lekuan egingo uste lukeena
egin nahi dugu guk.
Bidali zure Espiritua,
zurea eta Jesusena,
momentu bakoitzean zer nahi duzun ulertzeko
argia eman diezagun,
eta bide horretan beldurrik gabe
aurrera egiteko indarra.

Maite zaitugu, Jauna,
lehenago zeuk maitatu gaituzu-eta.