HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 26

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro  Ikasleetako batzuek hau zioten elkarren artean:  Zer ote da esaten digun hau: “Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro”, eta “Aitagana noa”? Zer esan nahi ote du harako “gutxi barru” horrekin? Ez diogu antzik ere ematen zertaz ari den». Konturatu zen Jesus galdegin nahi ziotela, eta esan zien: «Eztabaidan ari zarete zeuen artean esan dizuedan honetaz: “Denbora gutxi barru ez nauzue ikusiko, baina handik gutxira ikusiko nauzue berriro”. Egi-egiaz diotsuet: Negar egingo duzue eta aieneka egongo zarete; mundua, berriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zarete; baina zuen tristura poz bilakatuko da».

Joan 16, 16-20.

Tristura poz bilakatuko da

Denok bizi izan ditugu une tristeak. Gaixotasunak, gerrak, dirua, harreman zailak eta beste hainbat dira tristura iturri nagusiak.

Eta tristurak bihotza eta gogoa iluntzen dizkigu.

Jesusen joan beharra da dizipuluen tristuraren iturria, baina aldi berean itxaropena ere bada. Jesusek iragarriko diena mingarria izango da, baina aldi berean poztasun iturri, Ebanjelioa itxaropen iturri baita.

Bizitzan lagungarria da zeintzuk diren gure pozaren iturriak ezagutzea. Erronka da pozetik tristurarako urratsa kudeatzen ikastea. Horretarako, fededunen tradizioak erakusten digu Ebanjelioaren arabera bizitzea tristura baino gehiago dela poztasun iturri. Ikas dezagun haiengandik pozik bizitzen.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.