Maiatz-loreak

2022 Mai 25

Maiatz hitza meilegua dugu baina euskeraz naturara bidean egokitu dugu eta hortik datoz izen hauek: lorail; orril; hostaro. Egokitze horretan argi ikusten da natura lorez eta horriz jantzi dela pertsona zein animalien poztasunerako. Besteak beste, goazen erlea aipatzera.  Maiatz edo lorail aldean erleak ikusten dira lorarik lora. Erlea eta gizakia beti egon dira elkarren ondoan; batetik, eztiagatik eta bestetik argizariagatik. Erlearen inguruan esaera asko gorde da, esaterako: “erle joanak eztirik ez”; “ erleak eztia eta ezpia”; “ maiatz hotz, ez hauts ez bihotz”. Erlauntza, lehenago, etxe edo eta inguruan kokatzen zen eta gehienetan gaztaina-enbor harroen barruan. Erlearen garrantzia dela-eta, aiko zer gertatzen zen etxeko nagusia hiltzen zen egunean. Etxagunaren alarguna edo eta etxaguntzarako izendatua, erlauntzara joaten zen parte emotera. Hiru golpe emoten zizkion erlatokiari eta esan:

Erletxuok, erletxuok,
eizue argizaria,
nagusia hil da eta,
eleizan behar da  argia.
 
Eleizetan argizarizko argizaiola eta kandelak erabiltzeko ohitura egon da, batez ere sepulturetan eta horrexegatik garrantzitsua erlauntza eta euren argizaria. Erlakume bat banatzen zenean, erregina berriarekin alde egiten zuen eta zuhaitz batean pilatu. Erlakume berriaren jabetza adierazteko, zuhaitz horri lege zaharreko gurutze bat egiten zitzaion eta gero etxeratu.