HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 24

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Orain, bidali ninduen Aitagana noa, eta zuetako inork ez dit nora noan galdetzen. Baizik eta hori esan dizuedalako, tristurak bete du zuen bihotza. Hala ere, egia diotsuet: hobe da zuentzat Ni joatea; izan ere, joaten ez banaiz, ez zaizue etorriko Laguntzailea. Joaten banaiz, ordea, bidali egingo dizuet. Hura etortzean, agerian jarriko du munduaren errua bekatuari, zuzentasunari eta epaiari buruz: bekatuari buruz, nigan sinesten ez duelako; zuzentasunari buruz, Aitagana noalako, eta ez nauzue gehiago ikusiko; epaiari buruz, mundu honetako buruzagia jadanik gaitzetsia dagoelako».

Joan 16, 5-11.

Bizitzan, bat-batean, tristurak hartzen gaitu. Batzuetan badakigu zergatik sentitzen dugun goibeltasun hori, baina beste batzuetan ez dakigu zergatik gauden triste.

Jesus dizipuluak animatzen saiatzen da. Ez dute ulertzen zer gertatzen ari den, zergatik gertatzen ari den, zer gertatuko den, eta tristuraz beterik sentitzen dira. Jesusen proposamenaren aurrean dizipuluek sinestu edo ez sinestu aukeratu behar dute, horretan datza auzia.

Kontua ezin da geroko utzi, orain erabaki behar da; bereizmen gisa uler dezakegu. Tristura edo poztasuna, kontsolazioa edo atsekabea eguneroko erabakien edo bereizmenaren osagaiak dira. Horiekin, Jainkoarekin bidea egiten lagunduko diguten adierazle batzuk aurkituko ditugu.

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.