HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 23

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nik Laguntzailea, jatorria Aitagan duen egiaren Espiritua, bidaliko dizuet Aitagandik. Hark, etortzean, aitormen egingo du nire alde. Eta zuek ere egingo duzue aitormen, hasieratik nirekin baitzaudete. Zuen sinesmenak huts egin ez dezan esan dizuet hau. Zeren eta judu-elkartetik bota egingo baitzaituztete; are gehiago, badator ordua, zuek hilko zaituztenak Jainkoari kultu ematen diola uste izango duena. Eta horrela jokatuko dute, ez Aita, ez Ni, ezagutu ez gaituztelako. Aurrez esaten dizuet, hori gertatzean esana nizuela gogora dezazuen».

Joan 15, 26 – 16, 4a.

Berri Onaren esparrutik irten gabe, Jesusek azken mezuak uzten ari dizkie ikasleei, eta bertan azpimarratzen die bera gabe egiteko duten ibilbidean erasoak jasan beharko dituztela. Arriskualdiak izango dituzte, baina babesa ere bai. Erasoak oso agerian helduko zaizkie. Horietatik babesteko ahalmenik ez zaie faltako, Espiritu bizkortzailea eurengan arituko delako. Iluntasunak ezingo du guztia garaitu; tartean argi izpiak ernetzeko aukerak egongo baitira. Eutsiz eta adoretsu arituz gero, indar berriak suspertzen sentituko dituzte.

Arrisku eta aurkarien aurrean beldur latzena nork bakarrik aurkitzea izaten da: ez heldulekurik, ez laguntzailerik. Behin eta berriro dio Ebanjelioak: ez zarete bakarrik aurkituko, Espirituak baliabide berrietaraino eramango zaituzte.

Baina ba al du Egiak kemena gehitzeko gaitasunik? Ez ote da, ba, Egia bera porrot eginda geratzen? Erasoak mingarriak direnean, zelako irtenbidea itxaron? Jesusek diosku berak pizten digun Espiritua Jainkoaren bizitasunetik datorrela. Egiaren gurpila malgua edo indarge badirudi ere, ez dela desegina geratuko eta uste ez den ausardia eman dezakeela.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.