HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 21

Aldi artan, Jesusek esan zien ikasleei: «Munduak gorroto badizue, jakizue zuei baino lehen niri izan didala gorroto. Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork berea maite duen legez; baina Nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez, munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako. Gogoratu esan nizuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nire hitza hartu badute, hartuko dute zuena ere. Nire izenagatik egingo dizuete hori guztia, bidali nauena ezagutzen ez dutelako».

Joan 15, 18-21.

Munduak gorroto badizue”. Esaldi horren aurrekoetan “maitasunaz” mintzo zen Maisua behin eta berriro. Orain, ordea, bira egin eta gorrotoaren arriskua dakarkigu aipagarri. Supituki melodiak aldaera gogorrera jo du.

Kristauen senide giroko harremanak lotura eta elkarte xumea sortzen dute: talde bat. Beste talde batzuen arbuioa jaso dezakete, izango baitira Ebanjelioaren alderaketa onartu ez eta aurre egingo dutenak. Eta zailtasunak etorriko dira zenbaiti gorrotoa askatzen bazaio. Zuzenean apostoluei mintzo zaie Jesus hemen; baita gertatu ere: apostoluetatik ia soilik Joan atera zen bizirik jasan behar izan zutenetik. Baina, handik aurrerako garaietarako ere baliagarria da oharpena, ez baitira amaitu kristauek jasan beharreko oztopo eta atsekabeak.

Zertaz baliatuko dira sinestunak gorrotoa aurrez aurre aurkitzean? Nolako babesera jo? Babesaren beharra izango delako errazago egiten zaigu ulertzea elkarrenganako maitasun hurbila izatearen beharra.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.