Zure murmurio leuna (1 Erg 9a. 11-16. 18)

2022 Mai 20
Gauzak, Jauna, txarto joaten zaizkigu sarri.
Dirudienez, eman zenizkigun baloreek
indarra galdu dute guztiz
eta agintzen dutenek ezpataren indarrez,
edo kulata kolpeka,
edo ordenagailu teklaz, berdin dio,
beste balore batzuk inposatzen dituzte.
Kontua hori da: bakarrik geratzen garela,
nekatuta,
beldurrez,
guztia utzi nahirik…
dena amai dadila eta kitto!

Halakoetan gorde egin ohi gara, ezkutatu,
eta esku har dezazula eskatzen dizugu,
ahalguztiduna zarenez gero,
`putz egin eta dena behera bota dezazula,
Lurraren sustraiak zure astinduaz dardararaz ditzazula,
guztia sutan utz dezazula,
ea horrela berriro has gaitezkeen,
eta hondakin eta hausterreetatik berreraiki.
Antzerkiko jainkoen modukoa izateko eskatzen dizugu:
guri komeni zaigunean
kable batetik eskegita jaitsi
eta dena konpontzeko, alegia.

Baina zu ez zara horrelakoa.
Zuk ez duzu suntsitzen,
ez behera botatzen,
ez ezer suaz birrintzen…
Zuk ez duzu inposatzen,
zuk ahots leun gozoz
proposatzen duzu soilik.

Geuk dugu ibili beharra,
geurea dugu egin beharreko lan hori
egiteko ardura.
Zure baloreak iragartzen segitu behar dugu
eta gure inguruan baloreok indartzen.
Halaxe konturatuko gara ez geundela bakarrik,
milaka eta milaka zeudela,
diruagatik hiltzen duten
eta hazteko giza sakrifizioak eskatzen dituzten
jainko faltsuak gurtu ez zituztenak.

Mila esker, Jauna, zure murmurioagatik.
Zure proposamen leunak
haizearen arintasuna,
lurrikararen indarra
eta suaren energia ematen dizkigu,
senidetasun eta justiziazko zure proiektua eraikitzeko.

Lagun iezaguzu zure Berri Ona iragartzen…
suertatu zaigun inguru honetan,
neke-beldurrak gaindituz.
Aspaldidanik gabiltza ahalegin horretan
eta gai izan nahi dugu
leizearen ahora irten
eta zure proposamena
berriz entzun
eta berriro onartzeko.

Maite zaitugu, Jauna.
Berritu gurekin  egin zenuen ituna:
astin gaitzazu barruraino,
sutan jarri berriro
hegan egin dezagula
eta zure Brisarak heda dezala
zure proposamen leun eta gozoa.