HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauen bezala, halaxe maite izan zaituztet Nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, Nik ere, Aitaren aginduak bete ditudalako, haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau esan dizuet nire poza zeuengan izan dezazuen, eta zuen poza bete-betea izan dadin».

Joan 15, 9-11.

Aitak Ni maite izan nauen bezala… halaxe maite izan zaituztet”. Oraingoan ez zaie ikasleei jarraipenaz mintzo, baizik zerbait sakonagoaz: jasotako maitasuna helarazten diela bere maitasun hurbilaren bidez. Jainkoagandik jasotakoa partekatu nahi du; ez brastakoan, bat batean, baizik bizipenen ibilbide harrigarri bezain luze batean. Sarritan esaten da gaur egun bizitza -norbanakoarena zein gizartearena- “prozesua” dela.

Maitasun loteslea iragartzen die, erraietaraino sarkorra. Jainkoarekin eta Jesusekin batu gaitzakeena. Batzeaz gain ahalduntzera eta espiritu kementsura eramango gaituena. Ez maitasun sentimentala.

Jesus, bitartekari; beragandik Jainkoaren maitasuna eratortzen ariko baitzaigu. Zer egin horretarako? Biziari eman zion ikusmira ebanjelikoa nork bere egin eta egintzetan gauzatu. Beraz, ikasle izatea ez da jarraitzaile edo zaletua izatea, baizik Bizia eta Maitasun osoa denaren zinezko partaide izatea.

Soilik bi baldintza: bata, hori gerta daitekeela sinestea; bestea, horrelakoa jasotzeko prestutasun edo onarpen jarrera izatea.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.