HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruiturik ematen ez duen aihena moztu egiten du Aitak, eta fruitu ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek garbi zaudete dagoeneko, Nik adierazi dizuedan hitzari esker. Zaudete nigan, Ni zuengan bezala. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, zuek ere ez, nigan ez bazaudete. Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait nigan badago, Ni harengan bezala, hark fruitu asko emango du; Ni gabe ezin baituzue ezer egin. Nigan ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezala; gero, bildu, sura bota eta erre egiten dute. Nigan bazaudete eta nire hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean».

Joan 15, 1-8.

Paraboletan aukeratzen diren xehetasunak ikasleek Jesusekin zeudela aurrez aurre ikus zitzaketen gauzetatik hartuak dira. Oraingoan, mahatsondoa eta aihenak. Ezin dugu jakin mahasti baten albotik bidean zihoazela kontatu zien, ala Azken Afarian ardoa edari mesianikotzat partekatzen ari zirenetik hartua den.

Hasierak bat-bateko esaera du: “Ni naiz egiazko mahatsondoa”. Bere trinkotasunean patxada antza ere badu esaldiak. Eta nolabaiteko jarraipena antzematen zaio errabinoen irizpide honekin: mahats-aihenaz amestuta geratzen denak Mesias ikusiko du.

Benetan Jesusen irakaskizunak duten bereizgarri bat hitzaldien lasaitasuna da, baita une larrienetan ere. Gainera, bake hitz horiek sarkorrak suertatzen dira. Berrirakurriz gero arnas arina har genezake ideiez jabetzearekin batera. Budak ere antzeko zabal-bidea uzten du bere esanetan.

Hara parabola honek luzatzen digun sentimendua: jarraitzaileek harreman hurbila eta samurra izan dezaketela Maisuarekin. Oroz gain harreman bizia, elkarrekiko bizitasunean aberastua. Mahatsondoko aihen bakoitzean sustraitik adarretaraino, baita hostoetaraino ere igotzen den bizi-indarraren antzeko. Zertarako eta eraldatuak izan eta emaitza onak emateko. Gugan ere gertagarri?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.