HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 17

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen; Nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez beldur izan. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztuko zinatekete Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa baita. Orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen. Ez dut jadanik luze hitz egingo zuekin, bai baitator mundu honetako buruzagia. Horrek ez du nire gain ahalmenik; baina munduak jakin behar du Nik maite dudala Aita eta Aitaren agindua bete egiten dudala».

Joan 14, 27-31a.

Ikasleei azken agurra ematen ari dien berbaldi luzearen esaldi batzuk dira gaurko Ebanjelioarenak. Bakea uzten die Jesusek. Ekialdean ohikoa zen gizonezkoen artean topo egiterakoan, baita aldentzerakoan ere “Bakea – Shalom” berba partekatzea. Jesusen erabileran ez da zentzu arruntekoa, baizik “Neure bakea”: bake sakona, kementsua.

Hitzemana die: “Nik gauza guztiak eraberritu egingo ditut”. Nondik sortzen zaio halako ziurtasuna? Bake gehienak bezala, konfiantzatik.

Berak jada zerbait lortua duela luzatzen die. Bakea eskaini dezake bera bakea delako. Gerora, Efesoarrei gutunean sinestunen bizipenetatik zera iragarriko da: “Kristo da gure bakea”.

Maila bereziko bakea ere badela azpimarratzera ausartzen da: “Nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa”. Konparazioa egitean nola ematen dio lehentasuna berea denari? Non du lortu bake hori? Jainkoarekin partekatzen duen bakean datza, nahiz eta ulermen guztietatik haratago egon.

Eta eransten du: “Ez kezkatu, ez beldur izan”. Beldurrik eza eta bakea gugan iraun dezakete biziera eta zabalpen berri bezala. Barnean mamitutako bakea.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.