HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 16

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite, eta Ni maite nauena nire Aitak maite izango du, eta Nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio». Esan zion Judasek, ez Iskariotek, besteak baizik: «Jauna, zer dela-eta agertuko zatzaizkigu guri eta ez munduari?». Jesusek erantzun zion: «Ni maite nauenak gordeko du nire hitza; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok harengana etorriko gara eta harengan egingo dugu bizileku. Ni maite ez nauenak, ordea, ez ditu gordetzen nire hitzak. Eta entzuten duzuen hitza ez da nirea, bidali nauen Aitarena baizik. Zuekin naizen artean esan dizuet hau. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean; hark irakatsiko dizue dena eta gogoraraziko Nik esan dizuedan guztia».

Joan 14, 21-26.

Jesusen aginduak zinez jarraigarri gertatuko zaizkigu lehendabizi Jesus bera maite badugu, aginduak betetzea maitasunaren ondorio baitira. Eta bete ahal izango ditugu, aurretik berak eskatutakoa onartzen badugu. Zergatik onartu? Aginduari men egiteagatik? Onartu, agindu horiek gizatasun berrira garamatzatela sumatuta gaudelako.

Aginduak gorde… nola? Geure bizi-ikusmiran balio bezala txertatuz. Eta, aldi berean, bizieran horien ildotik jardunda eta saiatuta; ez zama eta eginbeharra bezala, baizik esker onean. Maitasun oro bezala, badu intimitatearen sakontasuna. Horretan datza bidea.

Agertuko zaigula. Noizean behin? Une bereziren batean? Espirituaren oihartzunaz egingo zaigu hurbil, batzuetan gertatzen ari dela konturatuta eta bestetan ez. Espiritua da lotura eta zubi-bidea ematen dizkiguna. Sarritan ala gutxitan? Geuk esango genuke: nork daki?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.