Garai ilunetan gogoratzeko

2022 Mai 16

Hinduismoaren tradizioan, Gandhik gehien estimatzen zuen liburu sakratuan (Bhagavad Gita) ondorengo aholkua irakurtzen dugu:  “Zure betebeharraren gaineko eskumena daukazu, ez ordea emaitzen gainekoa. Ekintzaren fruituak ez daitezela zure ekintzarako motibo izan, baina ez zakizkio sekula atxiki zeure betebeharra ez egiteari.” (2.47).

Gure kulturan, gure ekonomiaren logikan, gure harremanetan, emaitzak dira gehien balioesten ditugunak. Neurri handi batean, aldarte baikorra edo ezkorra fruituei lotzen zaie.  Ezin badugu saria eskuratu, zertarako saiatu? Gure kultura oso pragmatikoa da eta asko lortu du gauza materialen produkzioan; hortaz, oso arrakastatsua izan da orain arte. Azenarioaren logikak funtzionatu du.

Batzuetan, ordea, logika horren kontra diharduten pertsonak agertzen dira giza historian, oso emaitza txarrak jasoagatik ere, egunero ereiten jarraitzen dutenak, eguneroko pragmatismoaz harago begiratzen dutenak. Van Gogh-ek bere bizitza osoan ez omen zuen koadro bat ere saldu, baina bere eskuei zerien edertasunean sinesten zuen. Nazareteko Jesusek beti sinetsi zuen gizakiarengan, gizakiek gurutziltzatuta hil bazuten ere.