HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 15

Judas afaltokitik atera zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe agertuko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez agertzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, oraintxe ez nago luzarorako zuekin. Agindu berria ematen dizuet: maita dezazuela elkar. Nik maite izan zaituztedan bezala, maita zuek ere elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».

Joan 13, 31-33a. 34-35.

Judas Azken Afaria utzi eta bertatik maltzurki irtetean Jesusen heriotza bertaratzen hasten da. Giro ezegonkor horretan hara zelako tirabira: ebanjelioak dio Jesusek garaipena ia eskura sentitzen duela. Txinparta berriak ez dira oraingoz ikusten, baina tinko dio betetasuna loratzen hasi dela. Nola liteke saldua den unean, eta hustuta geratzeko arriskua gain-gainean duenean, zabalduko den aintzaz mintzatzea? Ateaz bestalde zain dauden gertaera ilunak azkar datozenean argiaz mintzatzeak dramatismo bortitza dirudi.

Saldukeriaren kaltea afaltzen ari direnei utzi ostean, Judas kanpora joan da. Noraezean. Gauak hartu du nagusigoa iluntasunean. Historian behin eta berriro agertzen da, bai, gizakien iluntasunetik suspertutako gaiztakeria. Afari-kideek Judas oztopo susmagarritzat hartua zuten, eta aldetzen denean dena ez dela zigorra izango aldarrikatzen du Jesusek.

Nola egin geniezaioke aurre zigor mingarriari modu trinkoan eta gau galduan indar hegemonikoz datorkigunean? Izango da horren barnean bestelako norabidea hartzen duen ongirik? Harrigarria da egoera horretan Jesus zelako naturaltasunez mintzo den.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.