HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Aitak Ni maite izan nauen bezala, halaxe maite izan zaituztet Nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, Nik ere, Aitaren aginduak bete ditudalako, haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau esan dizuet nire poza zeuengan izan dezazuen, eta zuen poza bete-betea izan dadin. Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar, Nik maite izan zaituztedan bezala. Ez du inork maitasun handiagorik, bere bizia adiskideen alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, Nik agindua betetzen baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiak zer egiten duen; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazi didan guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek aukeratu Ni, Nik aukeratu zintuztedan zuek, eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela; horrela, Aitari nire izenean eskatuko diozuen guztia emango dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar».

Joan 15, 9-17.

Izaera zeharo gizatiarra gugan gauzatzen hastea da Jesusen sakoneko gonbidapena, urratsez urrats Kristo izateraino lortze-bidea izango dena. Zer da Kristo izatera heltzea? Gure-gurean gizatasun onenera heltzea. Gaurko ebanjelioaren pasartean eskari eta helburu bezala azaltzen zaigu.

Finean ez soilik zerbait berria asmatzea. Izan ere, lehenengo eta behin, premiazkoak zaizkigun betebeharretan jarraitu behar dugu ihesik egin gabe. Eta bigarren, dena ez dela sineste gauza, baizik biziera berri bat maitasunetik moldatzen joatea. Sinestea lehen eta bigarren martxan abiatu eta oinarri egonkor batean mantentzeko baliagarria zaigu abiadurari sendotasuna emango diolako, baita norabideak bilatzen jarraitzeko irrika ere.

Bidean haziz joan behar dugu. Zertan? Maitasun irekia kementsu garatzen. Maitasunaren esparrua gugan zabaltzen jardunez gero, gero eta gehiago Kristo bilakatzen joango gara. Jesusengan ikusi dugu Kristo ibilbide luze bezain etengabearen emaitza izan zela. Hori guztia esaldi hurbiletan eta konfiantzaz beterikotan eskaintzen zaigu gaur. Premia leunki luzatua badugu ere, hor da eskaria behin eta berriro errepikatua.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.