HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMaiatzak 12
Jesusek, bere ikasleei oinak garbitu ondoren, esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Morroia ez da nagusia baino handiago, ezta bidalia ere bidaltzailea baino handiago. Hortaz jabeturik, zorionekoak izango zarete, horren arabera jokatzen baduzue. Ez naiz zuek guztiotaz ari; badakit, bai, zein aukeratu ditudan; baina bete beharrekoa da Liburu Santuak dioen hau: “Nire ogitik jaten duena kontra altxatu zait”. Aurrez, gertatu baino lehen, esaten dizuet, gerta dadinean, “Ni naizela” sinets dezazuen. Egi-egiaz diotsuet: Nik bidalia onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali ninduena onartzen du».
Joan 13, 16-20.
Jesusek azkena hurbil ikusten du eta adiskideei gauzak argi utzi nahi dizkie aurrera begira. Orduan lehendabizi oinak garbitu dizkie, hau da, guztien zerbitzari jokatu du, eta gero bidali egin ditu, Berak landu duen proiektua euren eskuetan utzirik.
Jesusek Jainkoaren Erreinua iragartzen zuen behin eta berriro, hau da, gauzak Jainkoak nahi duen bezala egin daitezkeela. Jainkoa bere eta gure Aita zela esaten zuen… Eta proiektu hori, gure eskuetan utzi zuen. Izan ere, Jainkoa gure Aita izango da… uzten baldin badiogu, hau da, gu neba-arrebak baldin bagara. Onartu behar dugu gugan konfiantza handiagoa jarri duela, guk Beragan baino.
Gauzak, ordea, ez dira errazak izango. Eta Jesusek aurretiaz adierazi nahi digu hori. Hala ere, gauzak txarto datozenean, gogoratu behar dugu Jainkoaren bidean gabiltzala —“ni naizela”, esan du Jesusek, Jainkoak Moisesi, izena galdetu zionean erantzun zion berbera—, Jainkoak bere proiektua lehenago Jesusen eskuetan eta gero gureetan utzi baitu. Eta horrek zoriona ekarriko digu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.