HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 11

Aldi hartan, Jesusek oihu eginez esan zuen: «Nigan sinesten duenak nigan ez ezik, Ni bidali nauenagan ere sinesten du. Eta Ni ikusten nauenak Ni bidali nauena ere ikusten du. Ni argi izateko etorri naiz mundura, nigan sinesten duen inor ilunpean geldi ez dadin. Nire hitzak entzun bai, baina betetzen ez dituena, ez dut Nik gaitzesten, ez bainaiz mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baizik. Ni ukatu eta nire hitzak onartzen ez dituenak badu nork gaitzetsi; Nik adierazitako hitzak berak gaitzetsiko du azken egunean; Nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta bidali nauen Aitak agindu dit zer esan eta zer irakatsi. Eta badakit haren aginduak betiko bizia ematen duela. Horrela, bada, Nik esaten dudana, Aitak agindu bezala esaten dut».

Joan 12, 44-50.

Jainkoa nolakoa den, zer nahi duen eta zer eskatzen digun jakitea ez da erraza. Besterik gabe pentsatzen hasiz gero, ez dugu jakingo Jainkoa nolakoa den, azkenean gure irudiko jainko bat pentsatuko dugulako. Eta besterik gabe Haren aurrean jarri eta bizitzan aurkitzen ditugun arazoetatik salba gaitzala eskatzen badiogu, jainko arazo‑konpontzailea sortuko dugu, antzerki klasikoan kable batez lurrera erakartzen zituzten jainkoen antzekoa; baina hori ez da gure fedeak aitortzen duen Jainkoa.

Jainkoak gizakia egitean “bere irudiko, bere antzeko” egin zuen. Eta hori Jesusengan gauzatu zen: Jainkoa Jesusekin identifikatzen da. Jainkoa nolakoa den galdetzen dugunean, Jesus bezalakoa dela erantzun dezakegu. Eta Jesusengandik deitzen digu eta eskatzen digu eskatzen diguna. Badakigu Jainkoa gure alde dagoela, Jesus ez baita etorri mundua gaitzestera, salbatzera baizik.

Hori bai, kontuan hartu behar dugu Jainkoak gurutzetik eskegita hil zen madarikatu batengandik deitzen digula, gaur egungo gurutziltzatu guztiengandik, alegia, neba-arreben arteko gizartea egin dezagun. Jainkoaren esku bakarrak gureak dira-eta.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.