HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 10

Aldi hartan, tenpluaren sagarapen-jaiak ospatzen ziren Jerusalemen. Negua zen. Jesus tenpluan zebilen, Salomonen aterpean. Inguratu zuten juduek eta esan zioten: «Noiz arte eduki behar gaituzu zalantzan? Zu bazara Mesias, esaguzu argi eta garbi».

Jesusek erantzun zien: «Esan dizuet, eta ez duzue sinesten. Nik neure Aitaren izenean egiten ditudan egintzek ematen dute nire alde testigantza; zuek, ordea, ez duzue sinesten, nire ardietakoak ez zaretelako.

Nire ardiek aditzen dute nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, haiek jarraitu egiten didate, eta Nik betiko bizia ematen diet; ez dira betiko galduko, ez dizkit inork ere eskutik kenduko.

Haiek eman dizkidan nire Aita beste guztiak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».

Joan 10, 22-30.

Jesusek zalantzak eragin zizkion bere garaiko jendeari. Alde batetik, behin baino gehiagotan esan ziotenez, egiten zituen gauzak egiteko, Jainkoa bere alde eduki behar zuela pentsatzen zuten; baina beste alde batetik, haiek sakratutzat zituzten gauzak (larunbata, tenplua…) bazter utzi eta haien ordez jende xumea –sarri askotan ageriko bekatariak—  aukeratzen zuen.

Eta guri ere, ez ote digu zalantzarik eragiten? Ez ote dirudi, maiz Jesusek dioenak erradikalegia, dagoeneko kristaua den gure gizartean? Ez ditugu gauzak pixka bat erlatibizatu behar, batez ere guk dagoeneko Bera Mesias dela sinesten dugularik?

Jesusen erantzuna argi dago: “Begiratu nire ekintzei; Aitarenak dira‑eta”. Jesusen proposamena erradikalegia, utopikoegia, ohituren kontrakoa irudituko zaigu noizean behin, baina Berak iragartzen zuen Erreinuaren aldekoa bada, Jainkoak guretzat nahi duena (hau da, justizia, neba‑arreben arteko harremanak, guztientzako berdintasun eta duintasuna…) bultzatzen badute, orduan hori Jesusen benetako ahotsa da. Jarrai diezaiogun.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.