HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 9

Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Egi-egiaz diotsuet: Artegian, atetik ez, baino beste nonbaitetik sartzen dena lapurra da eta harrapatzailea. Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. Honi ireki egiten dio atezainak, eta ardiek aditzen dute haren ahotsa; ardi bakoitzari bere izenaz deitzen dio, eta kanpora ateratzen ditu. Ardi guztiak atera ondoren, aurretik joaten zaie eta ardiek jarraitu egiten diote, ezagutzen baitute haren ahotsa. Arrotzari, ordea, ez diote jarraituko; aitzitik, ihes egingo diote, arrotzaren ahotsa ez baitute ezagutzen».

Jesusek adibide hau eman zien, baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zien. Orduan, honela azaldu zien Jesusek: «Egi-egiaz diotsuet: Ni naiz ardien atea. Nire aurretik etorritako guztiak lapurrak ziren eta harrapatzaileak; horregatik, ardiek ez zieten jaramonik egin. Ni naiz atea. Ate honetatik sartzen dena onik izango da, lasai sartuko da eta aterako, eta aurkituko du jatekoa. Lapurra ez doa artaldera ostu, hil eta hondatzera baizik; Ni, berriz, bizia izan dezaten etorri naiz, bizia ugari izan dezaten».

Joan 10, 1-10.

Gaurko honetan Jesus atetzat aurkezten digu Ebanjelioak. Artegiko atea, Jainkoak –atezainak— babesten duen taldearen lekukoa, alegia, Jesus da. Atetik sartzen ez direnak, Jesusen irizpideetara egokitzen ez direnak, ez dira sartzen Jainkoaren baimenaz.

Gu ere beste bide batzuetatik sartzen direnen atzean joateko joera izaten dugu maiz. Zentzuzkoa dena, ohikoa dena, beti egin dena edo, beste barik, gure interesekin bat datorrena egiteko proposamena egiten digute eta harako joera esnatzen zaigu, bide zuzena horixe delakoan.

Jesusek, berriz, “kontuz horiekin” esaten digu, “ostu, hil eta hondatzera baino ez datoz”. Saia gaitezen, beraz, bere ahotsa beste ahots batzuetatik bereizten. Geuk erabaki behar dugu nori jarraitu. Gutako bakoitzak bereizi behar du haren ahotsa, gutako bakoitzari bere izenaz hitz egiten baitigu, eta ahots hori dugu ahots seguru bakarra.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.