Haga eta lasto-izpia

2022 Mai 9

Une larria bizitzen ari gara Europan, non herrialde bat munduko potentzia militar handienetako baten inbasioa jasaten ari den. Indarrez sartze honek heriotza eta kaltea eragiten dizkie pertsona askori baita azpiegituren suntsipen handia eta ehunka mila herritar errefuxiatuen irteera ere.

Logikoa eta sinplea ere izan daiteke, heriotza eta suntsipena dakartzan gatazka armatu larri honen eragile zuzenak kondenatzea.

Hala ere, zortzigarren igandean, otsailaren amaieran, liturgian irakurtzen genuen ebanjelioaren pasartea gogoratzeko unea izan liteke; zehazki, honako hau dioena:

Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez?

Itxurazale! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.

Baliteke zure senidearen begian ere haga bat egotea, baina garrantzitsuena geure begian dugun hagaz ohartzea da.

Bake-pertsonatzat har dezakegu geure burua, eta, hala ere, komeniko litzateke ondo begiratzea gure begietan dauden hagak antzemateko; gatazka horiek, gure inguruko pertsonekiko harremanetan ditugun gerra txiki horiek: familia, auzoko, lankideekin…  eta gure inguru ez hain hurbilekoekin: atzerritar, etorkinekin eta abarrekin.

Eta ona litzateke, harreman horietan nik zer-nolako haziak ereiten ditudan galdetzea: bake-haziak al dira? Bakearen zuhaitza hazten uzten al dut eta nire inguruak fruituak ematen uzten? Bakearen baso horren hedapenean parte hartzen al dut?

Edo besteen, hurbileko edo urrunekoen, begietako lasto eta hagak bakarrik ikusten al ditut?