HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 8

Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Nire ardiek aditzen dute nire ahotsa; Nik ezagutzen ditut, haiek jarraitu egiten didate, eta Nik betiko bizia ematen diet; ez dira betiko galduko, ez dizkit inork ere eskutik kenduko. Haiek eman dizkidan nire Aita beste guztiak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork ere kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara».

Joan 10, 27-30.

Joanen Ebanjelioak gaur Aitaren eta Jesusen arteko harremanaz hitz egiten digu, baita Jesusek gurekin duen harremanaz ere.

Orduan bezala orain ere, zalantza asko izaten ditugu, zer egin edo nori kasu egin erabakitzerakoan. Hainbat eta hainbat aldiz Jesusen proposamena –guk Jesusen proposamen zehaztzat interpretatzen duguna ere bai— erradikalegia, edo utopikoegia, edo batek daki zer “–egia” dela iruditzen zaigu edo esaten digute. Eta hortik zalantza eta beldurra, inork ez baitigu kentzen geuk erabakitzeko beharra.

Horregatik gaur Ebanjelioak Jesus artzaintzat aurkezten digu. Jesusek zaintzen gaitu, Berak iradokitzen digu bidea, aurretik abiatuz, eta babesa eskaini, banan-banan nahiz taldetzat: “… ez dira betiko galduko, ez dizkit inork eskutik kenduko”. Zergatik? Jesusen bidea Aitaren bidea delako, Jesusen indarra eta babesa Aitaren indarra eta babesa direlako. Jesus eta Aita bat dira; saia gaitezen, beraz, Jesusen ahotsa entzuten, beste ahots batzuetatik bereizten eta Jesusi jarraitzen, inork ere beste bide batera eraman ez gaitzan.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.