HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 7

Aldi hartan, Jesusen ikasleetako askok esan zuen: «Gogorra da hizkera hau. Nork adi dezake?» Jesusek, bere baitan oharturik ikasleak marmarka ari zirela, esan zien: «Onartezina iruditzen al zaizue hori? Eta Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, orduan zer? Espiritua da bizia ematen duena; gizakiak ezin du berez ezer eman. Nik esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk» Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere nigana etorri, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen». Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera egin zuen, eta aurrerantzean ez zen harekin ibili. Orduan, esan zien Jesusek Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?» Erantzun zion Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua».

Joan 6, 60-69.

Gure fedea ez da adimenaren ekintza bat: hau sinesten dut, beste hori ez dut sinesten. Fedea guretzat konfiantza Jainkoagan jartzea da; eta horrek Jesusi jarraitzen saiatzea dakar, ezinbestean. Jainkoagan konfiantza ipintzeko, Jainkoaren izenean gurutziltzatuta hil zen baztertutako judu bat bezala bizi beharra daukagu, beraz. Ez da harritzekoa orduan jadanik bere jarraitzaileek hura oso gogorra zela esatea.

Jesusek, ostera, betiko gauza era esaten die: “Nik esandako hitzak espiritu eta bizi dira, baina Aitak eman behar dizue gaitasuna nigana etortzeko”. Gure fedearen ardatza Jesus da. Jesusek gure lekuan egingo lukeela uste duguna egitera gonbidaturik gaude. Hori bai, geurez ezin dugu. Aitak eman behar digu horretarako indarra ematen duen Jesusen eta Aitaren beraren Espiritua. Saia gaitezen horretan, eska diezaiogun gaitasun hori Aitari eta, agian, Jesusen proposamenak betiko bizia dakarrela ikusiko dugu. Norengana jo, bestela?

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.