HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 6

Aldi hartan, juduak eztabaidan ari ziren beren artean: «Nola eman diezaguke honek bere haragia jaten?» Jesusek esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta Nik piztuko dut azken egunean. Zeren nire haragia egiazko janari baita eta nire odola egiazko edari. Nire haragia jaten eta nire odola edaten duena nigan dago eta Ni harengan. Bizia den Aitak bidali nau eta Ni Aitari esker bizi naiz; era berean, Ni jaten nauena niri esker biziko da. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren. Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da». Hau guztia Kafarnaumgo sinagogan irakatsi zuen Jesusek.

Joan 6, 52-59.

Joanen ebanjelioaren pasarte honetan gauza bi esaten zaizkigu, batez ere, gure kulturara erakartzen baldin badakigu.

Lehendabizi Jaunaren haragia jatea aipatzen zaigu, hau da, guretzat eukaristian eta, beraz, komunitatean, elkarrekin “Jaunaren afaria” jatea, alegia. Orduko Joanen komunitateak bezala, gure komunitateek ahulago diruditenean, gurea komunitatearen bidea dela gogorarazten zaigu, gure fedea ez baita norberarena, komunitate osoarena baizik: gure komunitatea joko-kartazko gaztelua bezalakoa da; ahula da, baina bertan bakoitzaren fede ahulak gainerakoen fedeari sostengua ematen dio.

Eta bigarrenez, Jainkoagana heltzeko bide zuzena Jesus dela esaten zaigu: “Bizia den Aitak bidali nau eta Ni Aitari esker bizi naiz; era berean, Ni jaten nauena niri esker biziko da”. Lehen zeuden bideak eta gero etorriko zirenak osagarriak izan daitezke, baina ez dira bide zuzena. Jainkoagana iristeko bidea Jesus da.

Bizi gaitezen bada, Jesusi jarraika komunitatearekin batera; horrela bizimodu, bizitza eta bizi osoa izango ditugu.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.