HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Ezin da inor nigana etorri, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu. Eta Nik piztuko dut azken egunean. Hau dio profeten liburuak: “Jainkoaren ikasle izango dira denak”. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena nigana dator. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoagandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.

Egi-egiaz diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. Ni naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia; honetatik jaten duena ez da hilko. Ni naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duena betiko biziko da. Eta Nik emango dudan ogia nire haragia da, mundua bizi dadin emana».

Joan 6, 44-51.

Jesusek horrela definitzen zuen bere burua: “Ni, mundua bizi dadin emandako ogi bizia naiz”. Bizia eman zuen –kendu zioten— gainerakook bizi izena merezi duen bizia izan genezan. Jesus ogia da, oinarrizko janaria, alegia, besteen elikagai bihurtu nahi izan zuelako.

Eta gonbidatuta gaude gauza bera egitera: Jainkoak nahi duena egin gura badugu, Jesusen bidea hartu behar dugu, hau da, ingurukoentzako elikagaia izan behar dugu, duintasuna, anaitasuna eta askatasuna sortaraziz bizia eman behar dugu.

Horretarako laguntza bi dauzkagu. Alde batetik, Jesus bera, indarra ematen diguna eta egiten ditugun gauzei zentzua ematen diena. Eta beste batetik, haren ogia jaten dugunon taldea, bertan aurkitzen baititugu Jesus bera eta gure fedearen sostengua.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.