HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 4

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Ni naiz bizia ematen duen ogia; nigana datorrena ez da gose izango, eta nigan sinesten duena ez da behin ere egarri izango. Zuek, ordea, lehen ere esan dizuedanez, ez duzue sinesten, ikusi nauzuen arren. Aitak niri ematen dizkidan guztiak nigana etorriko dira, eta nigana etortzen denik ez dut kanpora botako, ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia egitera, bidali nauenaren nahia baizik. Eta hauxe da bidali nauenaren nahia: berak eman dizkidan guztietatik, ez dezadala bat ere galdu, baizik eta piztu ditzadala azken egunean. Hauxe da nire Aitaren nahia: Semea ikusi eta harengan sinesten duenak izan dezala betiko bizia; eta Nik piztuko dut azken egunean».

Joan 6, 35-40.

Batzuetan Jainkoagana egiten ditugun urratsak gureak direla pentsatzen dugu. Eta ez gara konturatzen lehen ekimen hori ez dela gurea izan: Jainkoak erakarri gaitu beregana Jesusen bidez. Horregatik ebanjelioko beste pasarte batzuetan Jesus ate edo bidetzat agertzen zaigu. Jainkoa nor den jakin nahi badugu, Jesusi begiratu behar diogu; eta Jainkoaganako bidea egin gura izanez gero, Jesusen urratsei jarraitu behar diegu.

Baina hori sarritan ez da erraza izaten, besteak beste badakigulako Jesusek nola amaitu zuen. Jesusen urratsek boteretsuen interesei aurre egitera eramango gaituzte… eta hori arriskutsua da beti; ez dakigu horrek guztiak aseko gaituen, ezta indarrak nondik aterako ditugun ere.

Testuinguru honetan Jesusek mezu bi ematen dizkigu gaur: Hasteko, Jesus bera dela bizia emango digun elikagaia eta gure nahiak beteko dituen edaria; eta bigarren, zaindu egingo gaituela, Jesusengan konfiantza jartzen duenik ez dela galduko, Aitak horixe nahi duelako, hain zuzen ere. Emango ahal die zentzua Jesusek gure bizitzei!

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.