Isiltasunaren irrikaz abiatu naiz errealitatearen gaindi

2022 Mai 4

I.
Urgentziazko hitz jario berritsuari,
urgentziazko egin behar ezin baztertuzkoari,
hitz isila ate joka jada dabilkigunean,
eguneroko hitzen bidez jada hitz isila ezin isildu daitekeen horretan,
isiltasuna bere isilean ezinago ozen mintzo zaigunean.

Esan gabea argi eta klar esana agertzen zaigunean bere esan gabean…

II.
Jai betean eta dantzarik ez,
hileta erdian eta malkorik ez,
leun, arin, kasik ukitu gabe,
doakigu bizitza

Arin eta ezdeus doakigu,
isiltasun ezetik ezin bizitzaren garrasia besarkatu.

III.
Utzidazu ikusgabea ikusian ikusten,
utzidazu esangabea esandakoan ikusten,
entzungabea entzundakoan entzuten…
Utzidazu Etxearen epela nagoen inoizkorik urrutien egonda ere, beti ondo-ondoan sumatzen!

IV.
Ahuspez Bizitzaren oinetan erreguka,
Mintzo dakigun ozen bere isiltasunetik.

V.
Bizitzaren olatuen artean jolasean,
olatu apartsuei barre eginez,
euren orro jostalari atzean,
dugu serio hartzen,
euren isiltasun sortzailea…

Jostatuz sakondu,
Eta sakondu jostatzeko.

VI.
Sakondu jostatzeko,
eta jostatuz sakontzea irrikatu.

VII.
Mundualdiko bizitzaren  azken zentzu-esanahia berorren xuxurla isilenean baizik ez dago.