HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 3

Aldi hartan, Jesusek esan zion Tomasi: «Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitagana joan, nire bidez izan ezik. Ni benetan ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue». Orduan, Felipek esan zion: «Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta nahikoa dugu» Jesusek erantzun: «Hainbeste denbora zuekin, eta ez al nauzu ezagutzen, Felipe? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: “Erakuts iezaguzu Aita?” Ez al duzu sinesten Ni Aitagan nagoela eta Aita nigan? Nik esaten dizuedana ez dizuet neure kabuz esaten. Nigan bizi den Aita da bere egintzak burutzen ari dena. Sinets iezadazue: Ni Aitagan nago eta Aita nigan. Besterik ez bada ere, sinetsi egintzengatik. Egi-egiaz diotsuet: Nigan sinesten duenak Nik egiten ditudan egintzak burutuko ditu berak ere, eta are handiagoak, Ni Aitagana bainoa. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semeagan ager dadin. Nire izenean zerbait eskatzen baduzue, emango dizuet Nik».

Joan 14, 6-14.

Jainkoa guk pentsatu ahal dugun baino askoz handiagoa da beti. Horregatik eskaera hori: “erakutsi Aita eta nahikoa dugu”. Baina Jesusek argi esaten digu: “Eskatzen duzun horrek ez du zentzurik. Aitagana heltzeko Neu naiz bide bakarra”. Eta hala ere, ez da nahikoa izaten gure jakin mina asetzeko.

Izan ere, Jesus Jainkoaren ordezkaria dela pentsatzeko joera daukagu, Jainkoaren mezua dakarkigun gizon santu bat, alegia. Baina kontua hori baino sakonagoa da, harago doa. Jesusek gaur esan digunaren arabera, Jainkoa nor den galdetzen dugunean, erantzuna erradikalagoa da: Jainkoa, Jainkoaren izenean madarikatutzat gurutziltzatutako Jesus da. Jainkoagana gurutziltzatu horren bidez helduko gara –nire izenean eskatzen duzuen guztia…– eta Jainkoa gaurko gurutziltzatuetan ikusi ahalko dugu.

Jainkoaren egintzak Jesusenak berak dira. Eta gaur guk ere halakoak edo are handiagoak egitera gonbidatu gaitu. Jainkoaren proiektua gure eskuetan dago orain. Onartuko dugu erantzukizuna? Ala segituko dugu norberarentzako Jainko indibidual lasaigarria bilatzen?

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.