Makila eta sandaliak hartuta (Mk 6, 7-13)

2022 Mai 2

Ai Jauna! Bai xelebrea Jesus!
“Tira, zoazte, indartsuagoak zarete eta
espiritu gaizto direlako horiek baino”.
Eta sinetsi egin behar,
horrexetarako erabaki baitugu hari jarraitzea,
biderako behar-beharrezkoa dena,
makila bat eta sandaliak,
ibiltzeko behar den horixe hartzea,
baina badaezpada besterik ezer eraman gabe:
ez beroa eta erosotasuna ematen dizun arropa,
ez gutxienekoa ziurtatzen dizun janari apurra,
ez segurtasun apur bat ematen dizun dirua ere,
ezer ez, makila eta sandaliak.

Hori bai, ez zen inuzente huts horietakoa:
“Hartzen zaituzten lekuan geratu
eta nahi ez zaituzteten lekutik alde egin,
oinetako hautsa ere astinduta”.
Izan ere Berri Ona
entzun nahi duenari esan behar zaio,
edozein delarik ere,
beste entzule batzuekin
fruitu gehiago emango lukeela,
edo eraginkorragoa izango litzatekeela
edo batek daki beste zer dirudien arren.
Eta entzun nahi ez duena…
ba, errespetatu,
Jesusek eta Zuk ez baituzue ezer inposatzen,
eskaini baino ez baituzue egiten.
Jakin dezatela, hori bai,
benetako gauza ona galtzen ari direla,
zurekin topo egiteko aukera, alegia.
Eta gero aurrera,
makila eta sandaliak hartuta,
jendeari aldatzeko gonbita egiten,
gizakiontzat ez den bizimodu honetan lotzen gaituzten
kanpoko indar horietatik
eta adorea eta gaitasuna kentzen dizkiguten
barneko gaitz horietatik askatzen laguntzen.

Mila esker, Jauna, gu ere
olioz igurtzi baikaituzu,
indarra eman diguzu eta borrokara bidali…
zure izenean,
gutaz fidatu zara
gu zutaz baino gehiago, jakina.
Eskerrik asko, esan diguzulako ahal dugula,
indar gaizto horiek baino indartsuagoak garela,
abian jartzea baino besterik ez dela behar,
abiatu eta laguntza behar duenari laguntzea,
eta gainera arrakasta ere ez dela ezinbestekoa.

Konpromiso hori hartu nahi dugu zurekin,
makila eta sandaliak hartu
eta talde txikitan
zure Berri Ona emanez joan.

Baina ez dirudi erraza dela
zuk nahi duzun moduan egitea.
Konturatu behar duzu bestela ohituta gaudela:
gutxieneko planifikazioa,
gutxieneko erosotasuna,
eta gutxieneko segurtasuna!

Lagun iezaguzu gauza horien mendean ez egoten
eta eraginkortasuna, arrakasta ez bilatzen.
Gure lana zu iragartzea izan dadila,
ordainik gabe laguntzea,
doan askatu eta sendatzea
eta beste batzuk olioz igurztea,
haiek ere mezua heda dezaten.

Segi hemen, gure artean,
orain arte bezala,
horrela hemen sentitu ahalko zaitugu
eta zure Berri Onaren poza ere sentituko dugu.