HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 2

Bost mila gizonezkoei, ase ziren arte, jaten eman ondoren, ur gainean oinez ikusi zuten Jesus ikasleek. Biharamunean, itsasoaz bestaldean zegoen jendea ohartu zen han txalupa bakarra izan zela, eta Jesus ez zela ikasleekin ontziratu, baizik eta hauek bakarrik joan zirela. Bitartean, beste zenbait txalupa etorri zen Tiberiadestik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura. Jesus eta ikasleak han ez zeudela ikustean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Itsasoaz bestaldean aurkitu zutenean, esan zioten: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ezaugarriak ikusi dituzuelako, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegindu zaitezte, ez galtzen den janariagatik, irauten duenagatik baizik, betiko bizia ematen duenagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, bera egin baitu Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari» Orduan, galdetu zioten:  Zer egin behar dugu, Jainkoak nahi duena egiteko?  Jesusek erantzun zien: «Hau da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenagan zuek sinestea».

Joan 6, 22-29.

Jesusek mirariak egiten zituenean, ez zituen magiazko boterea zuela erakusteko asmotan egiten, Jainkoaren Erreinua bertan zela adierazteko baizik. Mirari haiek (jaten ematea, gaixotasunak sendatzea…) gauzak bestela joan zitezkeela adierazten zuten, Jainkoa gizakien alde zegoela eta beraz mundua Jainkoak nahi zuen bezala bideratu ahal zela.

Askotan Jainkoari “mirariak” eskatzen dizkiogu, gure historian eskua sartu eta guri komeni zaizkigun gauzak gertaraz ditzala, alegia (gaixotasun hori, lanean dugun arazoa, familian gertatzen ari dena… konpontzea). Baina hori ez da Jainkoaren estiloa. Jainkoak arazo horien guztien konponketa geure eskuetan utzi du, Jesusek horretarako “betiko bizia ematen duen elikagaia” ematen baitigu.

Ez da erraza izaten, ordea, momentu bakoitzean zer egin behar den jakitea. Erantzukizuna geurea dugu eta irizpide argia eduki gura genuke. “Jainkoak bidali duenagan sinestea” zer ote da? Beharbada, momentu bakoitzean Jesusek gure lekuan zer egingo lukeen pentsatu eta horixe egin genezake. Eta agian orduan gure inguruan mirariak gertatuko lirateke (denontzako ogia, askatasuna, duintasuna…).

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.