HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 1

Aldi hartan, berriro agertu zitzaien Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean. Honela gertatu zen agerpena. Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Bikia zeritzan Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Simon Pedrok esan zien: «Arrantzura noa» Gainerakoek erantzun zioten: «Zurekin goaz geu ere» Atera eta ontzira igo ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu. Eguna argitu zuenean, ur-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien: «Mutilak, ba al duzue jatekorik?» Haiek erantzun: «Ez» Jesusek orduan: «Bota sarea txaluparen eskuinaldera eta aurkituko duzue» Bota zuten, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da» Simon Pedrok, Jauna zela aditu zueneko, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta jauzi egin zuen urera. Beste ikasleak txalupan etorri ziren, sarea arrainekin arrastaka zekartela, lehorretik hurbil baitzeuden, ehunen bat metrora. Lehorrera jaitsi zirenean, su-txingarrak ikusi zituzten eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetako batzuk». Igo zen Simon Pedro ontzira eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea urratu. Jesusek esan zien: «Zatozte gosaltzera».Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, bai baitzekiten Jauna zela. Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman egin zien, baita arraina ere. Hirugarren aldia izan zen hau, Jesus, hilen artetikpiztu ondoren, ikasleei agertu zitzaiena. Gosaldu ondoren, Jesusek esan zion Pedrori: «Simon, Joanen semea, hauek baino maiteago al nauzu?» Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Bazka itzazu nire bildotsak». Bigarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?» Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Zaindu itzazu nire ardiak». Hirugarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion: «Jauna, Zuk dena dakizu; Zuk badakizu maite zaitudala». Orduan, Jesusek esan zion: «Bazka itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: Gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nahi zenuen tokira joaten zinen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun tokira eramango zaitu». Horrela, zer-nolako heriotzaz Jainkoari aintza emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion: «Jarraitu niri» 

Joan 21, 1-19.

Fededun baten bizitzan ez da zaila Elizarekiko eta bere buruekiko zalantzak agertzea, era askotako arrazoi eta, batzuetan, kontraesanekoak direla medio. Batzuentzat Eliza atzean geratu da eta ez die garaiei erantzuten. Beste batzuetan, Ebanjeliotik haratago doa, faltsutu ere egiten omen du. Batzuentzat atzeratua, besteentzat aurreratuegia. Dena delakoagatik, elizak husten ari dira.

Gaurko ebanjelioak bi irudi eskaintzen dizkigu. Bata, txalupa berean doan taldearena da, baina Jesus bertan dagoenean bakarrik arrantzatzen duena. Bestea, Pedrorena da, arrantzara joaten lehena, pentsatu gabe uretara bere burua botatzen duena eta hiru aldiz galdera berari erantzuten diona, azkenean Jaunak maite duela dakienaren aitorpen zintzoa egiten duena.

Ebanjelio honek bi galdera egiten dizkigu. Lehena da ea Jesus gure artean dagoen, ea Harekin topo egiten dugun -otoitzean, Eukaristian, pertsonarik hauskorrenetan-. Jesus gugan bizi al da?

Bigarrena Pedroren aukeraketa da. Ebanjelistek pentsatu gabe, inkoherentziaz, koldarkeriaz, gordin samar jokatzen duen pertsona gisa erakusten digute. Hala ere, berehala uretara botatzen du bere burua Jauna ezagutzen duenean, Hura maite duelako. Hori da Jaunak aukeratzen duen giltzarria. Maite duena da ardiak larreratzeko eta zaintzeko eginkizuna jasotzen duena, ardi usaina duena. Zuk, maitatzen al duzu?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.