HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 30

Arratsean, Jesusen ikasleak itsasora jaitsi eta, txalupara igorik, itsasoaz bestaldera abiatu ziren, Kafarnaum aldera. Iluna zen ordurako, eta artean Jesus ez zen haiengana iritsi. Haize zakarra zebilen, eta itsasoa harrotzen hasi zen. Bospasei kilometro arraunean egitean, Jesus ikusi zuten ur gainean oinez eta txalupara hurbiltzen, eta beldurrak hartu zituen. Baina hark esan zien: «Ni naiz; ez beldur izan!» Haiek txalupan hartu nahi izan zuten, baina txalupa berehala iritsi zen zihoazen tokira.

Joan 6, 16-21.

Fededunak mundura ateratzen gara, gure errealitate eta testuinguruetara, gure fedea koherentziaz bizitzen saiakera egitera, baita gure itxaropenaren arrazoia ematera ere. Batzuetan ikusten dugu gure aukera kristaua ez dela ulertzen, ez duela oihartzunik, ez dela interesgarria, eta, nahi baino gehiagotan, oposizioa eta arbuio sotilak aurkitzen ditugu. Kale gorrian sentitzen gara.

Gaurko Ebanjelioan ikusten dugu dizipuluak arrantzan atera zirela lakura, juduen imajinarioan gaizkia bizi zen lekura. Han, arrantzale haiek ikaratzeko moduko ekaitza eta olatuak aurkitu zituzten. Jesus ur horietan bertan oinez agertu zitzaien. Hura ezagutu zutenean bakarrik sentitu zuten lehorrak ematen duen segurtasuna.

Beharbada, gaurko pasartean eskatzen zaiguna da arreta non dugun finkatuta jabetzea: Elizan egonik, sentitzen dugun kale gorrian ala ekaitzaren erdian uretan ibiltzeko gai den Jesusengan. Gonbidapena Jesusi so egitea da, Hitza entzutea, sakramentuak hartzea, gure senideak ikustea eta bizitza otoitzera emana bizitzea. Jesusi begiratzen diozunean, zer ikusten duzu zuk, ekaitza ala lasaitasuna?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.