HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 29

Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko. Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak. Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena; eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».

Mateo 11, 25-30.

Gure aroko ezaugarri nagusietako bat, besteak beste, informazioaren aroa izatea da. Oso balioetsia da informazioa izatea eta informazioa kudeatzen jakitea. Funtsean, ezagutza beti izan da prestigioa, errekonozimendua edo botererako sarbidea.

Gaurkoan Jesusek Jainkoaren jakinduria beste bat dela esaten digu. Areago, jakinduria Jainkoak historian utzitako urratsak antzemateko behar den sentiberatasuna da, eta, horretan, batzuetan jende xume gisa izendatzen ditugunak gaitasun handiagoa dute, Jainkoarengandik hurbil bizi direlako. Bizitzaz nekatutakoek Jainkoarengandik jasotzen duten eta atseden ematen dien aterpe bat aurkitzen dute.

Jakinduria hori ez da hainbeste ezagutza kontua, baizik eta Jainkoarekin bat etortzea, eguneroko arruntasunean Jainkoak eman duen urratsaz jabetzeko sintonia egokian egotea eta Haren gonbidapenaren onarpen zintzoa egitea. Hauskortasuna bizi dutenak klabe horietan daudenak direla esaten digu Ebanjelioak. Hain zuzen ere, pertsona zaurgarri horiek Jainkoa hurbiletik ezagutu dute, bere hauskortasunean ezagutu dutelako, eta zama arina izango dutela agintzen die. Jainkoa gure hauskortasunean bizi da. Eta gu? Gure hauskortasunean bizitzera ausartzen al gara?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.