HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 26

Aldi hartan, Jesusen esan zien ikasleei: «Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko. Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria.

Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten».

Mateo 5, 13-16.

Pertsonak, pertsona izateagatik berezko dugun erronka bat hauxe da: esaten duguna eta egiten duguna bat etortzea. Fededunak ez gara salbuespena, sinesten duguna praktikan jartzea ez delako fedea aitortzeagatik berez sortzen den zerbait. Gure kontraesanak pertsona askorengan pisuzko argudioa izan dira beren fede falta justifikatzeko.

Gaurko Ebanjelioan, Jesusek gatzarekin eta argiarekin alderatzen ditu Haren jarraitzaileak. Gatzaren moduan, dizipuluak mundua gorde eta zaporea eman behar dio. Lanparak bezala, dizipuluak Jesu Kristorengandik ikasitakoarekin argitu behar du. Hala ez bada, jasotako fedeak gutxirako balio du. Gatza eta argia izanik, berriz, gure senideek gure Aitaren aintza antzemango dute gugan.

Maitasuna obretan hitzetan baino gehiago jartzea ez da aholku egokia soilik, Jesu Kristoren testigantzaren muina baizik. Agian, sinesten dugunaz arduratu baino gehiago, nola jokatzen dugun aztertu beharko genuke, hau da, gure bizitzetan Zoriontasunek zein leku betetzen duten. Zorionekoen artean al gaude?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.