Berdin oihukatzen dute, baina desberdin entzuten

2022 Api 25

“Berdin oihukatzen dute, baina desberdin entzuten.” Twitterren aurkitu nuen irudi eta mezu honek zer pentsa eman dit. Gaur egun sufritzen ari diren pertsonak ugari dira. Gure mundu honetan, gerrateek, biolentzia desberdinek, goseak, egoera klimatiko gogorrek pertsonak mugimenduan jartzen dituzte leku seguru baten bila. Bai,  oihuak leku desberdinetatik iristen zaizkigu gure gizartera, baina ez dugu berdin entzuten. Zein desberdintasun dago Ukrainatik ihes egiten duen haur, gazte, heldu baten egoera, beste herrialdetatik ihes egiten dutenen egoeratik?

Sustraian, sakonean, zerk mugitzen gaitu pertsona hauen jatorriaren arabera, batzuei era-bateko harrera egiteko eta besteei uko egiteko, giza eskubideak baztertu eta existituko ez balira bezala tratatzeko?

Nazareteko Jesusen jarrera datorkit. Markosen ebanjelioan (Mk 10,46-50) egoera hau kontatzen:

Jerikora iritsi ziren. Eta Jesus bere ikasleekin eta jendetza handiarekin hiritik irteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean zegoen bide-ertzean eserita.  Jesus Nazaretarra zela jakitean, oihuka hasi zen:

–Daviden Semea, Jesus, erruki zakizkit!

Askok gogor egiten zioten, isilarazteko; baina hark areago oihu:

–Daviden Semea, erruki zakizkit!

Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu zuen. Dei egin zioten itsuari, esanez:

–Izan bihotz! Jaiki, deika ari zaik.

Bere soingainekoa jaurtiz, salto batean zutitu eta Jesusengana joan zen.  Jesusek galdegin zion:

–Zer nahi duzu niregandik?

Jesusek aurreiritzirik gabe entzuteko gaitasuna erakusten du. Bestea ulertzeko sentsibilitate berezia esaten ez duena ere ulertzeko.  Bere bihotzean, pertsona guztientzako lekua dagoela era kusten digu. Entzutea maitatzea da. Hala gertatu zen Bartimeo itsuari entzun zionean. Haren garrasiak erraiak hunkitu zizkion eta itxaropena berreskuratu zion pertsona honi.

Jesusek entzuten zuen bezala entzungo bagenu?