HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 25

Aldi hartan, Jesus Hamaikei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei. Sinetsi eta bataiatzen dena salbatuko da; sinesten ez duena, berriz, kondenatuko. Sinesten dutenek seinale hauek izango dituzte lagun: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berrietan mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».

Horrela mintzatu ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinaldean eseri zen. Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren Berri Ona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez hitza baiesten zuela.

Markos 16, 15-20.

Batzuetan fededunok zalantzak izaten ditugu gure testigantzarekin. Ez dakigu ez zer esan, ezta nori zuzendu gure mezua edo interesik sortuko duen ere. Jesusen jarraitzaile gisa bizi garenok edo bizi nahi dugunok gure garaikideentzat Jesusek interesik eta zentzurik ez duela uste izaten dugu.

Gaurko Ebanjelioan, Jesus Berpiztuak, Zerura igo eta Jainkoarekin behin betiko bat egin aurretik, Berri Ona mundu guztian aldarrikatzera bidaltzen gaitu, eta horretarako behar dugun boterea ematen digu: deabruak bota eta gaixoak sendatu.

Gaur Igokundearen jaia da, Jainkoarekin behin betiko bat egiteko itxaropena dugulako. Bitartean, itxaronaldi honetan Jainkoaren erregealdia eraikitzera bidaliak gara, gaur eta hemen, atzerapenik gabe, gizon eta emakume guztien artean, deabruek eta gaixotasunek zauritutako mundu honetako bihotz guztietan. Ebanjelioaren poza gizateria osoarentzat delako, ezin dugu inor baztertu[1] senide garelako. Nortzuk dira “guztiak”?

[1]  Evangelii Gaudium, 23; Francisco.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.