HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 24

Asteko lehen-egunean, ilunabarrean, etxe batean bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, juduen beldurrez. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei» Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Ikasleak pozez bete ziren, Jauna ikustean.

Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik zuek bidaltzen zaituztet» Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die» Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Gainerako ikasleek esan zioten: «Jauna ikusi dugu» Tomasek erantzun zien: «Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren iltze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dut sinetsiko» Handik zortzi egunera, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere haiekin zen. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei» Gero esan zion Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik» Tomasek erantzun zion: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!» Jesusek esan zion: «Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak» Beste ezaugarri asko ere egin zuen Jesusek ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak; hauek idatzi dira sinets dezazuen Mesias eta Jainkoaren Semea dela Jesus eta, sinetsiz, haren izenean bizia izan dezazuen.

Joan 20, 19-31.

Gaur egun, Elizak garai batean gizartean izan zuen garrantzia galdua dauka, protagonismoa galdu du eta horrek noraezean gauzka. Noizbait izan genuen indarra berreskuratzeak buruhauste asko ekartzen dizkigu eta indar asko lapurtzen.

Gaurko ebanjelioan, beldurragatik ezkutaturik zegoen komunitatearekin eta ikasle sinesgogor batekin egiten dugu topo. Bi kasuetan, Jesus Berpiztuaren agerpenak dakarzkie falta zaizkien bakea eta alaitasuna. Jesusek Espiritu Santua dohaintzan ematen die elkartekideei aurrerantzean bekatuak barka ditzaten eta ikusi gabe sinesten dutenak bedeinkatzen ditu.

Pasarte honen argitan, fededunok agian gure sustraiak berritu eta jaso dugun Espirituaren dohaina zaintzen arduratu beharko genuke, beste batzuen bila irten eta hainbeste bihotz sendatzera eta adiskidetzera joateko. Orduan bezala, gaur ere, errukia eta justizia behar dituzten hainbat senide daude. Irtetera ausartzen zara? Eta azkenak atea itxi dezala.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.