Noemí

2022 Api 22

Dolores Aleixandre (2020). Noemí. Madrid: San Pablo

Mujeres bíblicas bilduma 2020an sortu zen Espainiako Emakume Teologoen Elkartearen (ATE) eta San Pablo argitaletxearen ekimenez, eta Silvia Martínez Canoren zuzendaritzapean. Dagoeneko bildumak zortzi titulu ditu,  Mercedes Navarro, Junkal Guevara, Elisa Estevez, Dolores Aleixandre autoreek, besteak beste, idatziak eta Bibliako emakumeei eskainiak (Jesusen ikasleak, Noemí, Tamar, Agar, etab.). Bildumaren helburu nagusiak hauek dira: oinarrizko prestakuntza biblikoa eta Bibliaren begirada inklusiboaren lanketa.

Irakurtzeko oso liburu laburrak eta errazak dira. Denak daukate eskema bera: pertsonaiaren lanketa, lan pertsonala eta talderako galderak, pentsamendu-errutina eta Montse Martinek egindako grafikoa, “visual thinking” metodoa jarraituz.

Bildumatik Dolores Aleixandreren Noemí testua aukeratu dugu zehatzago komentatzeko.

Rut hutsetik osotasunera igarotzen den Noemiren prozesu dramatikoaren narrazio zoragarria da.

Hasieran autoreak Noemiri ematen dio hitza haren bizitza kontatzeko parada emanez. Noemik (“nire leuntasuna”, “nire eztitasuna”) deskribatzen du nola eta zergatik bihurtu den “emakume garraztua” eta zelan, amaieran,  “eztitasunaren” promesa bete den haren bizitzan.

Hurrengoko kapitulu laburretan Aleixandrek  aztertzen ditu termino bibliko batzuk eta protagonistaren hainbat ezaugarri eta bizi-prozesuaren muinak: Menujah ( lasaitasuna, baretasuna, sosegua); Jesed (errespetuz, eskuzabaltasunez, leialtasunez egindako jokabidea); Noemí ez da erreprimitzen Jaikoari hitz egiten dionean; Hutsetik betetasunera.

Testua irakurtzea gozamena da hainbat arrazoirengatik. Aleixandrek atseginez irakurtzen den testua lortu du eta irakurri ondoren Bibliara joan eta Ruten liburua osorik irakurtzeko gogoa besterik ez dugu. Egileak transmisioaren giltza eta artea menperatzen ditu.

Bestalde, Bibliako termino batzuk ederto argitzen ditu, Ruten liburua testuinguruan ondo kokatzeko eta, beraz, haren gakoak hobeto ulertzeko.

Gainera, Bibliako hainbat pasarte etengabe ekartzeak, loturak eginez, asko laguntzen du ezagutza biblikoa bermatzen. Autoreak, berriro ere, erakusten ditu Bibliarekiko dituen ezagutza eta maitasuna.

Testua oso gomendagarria da. Ez naiz sartzen galderen eta maparen atal didaktikoan.

Ez naiz liburu didaktikoen zale, baina baliteke talde edota katekista batzuentzat lagungarria izatea. Neu gehiago joango nintzateke, gaztetxoekin ere bai,  egileak aipatzen dituen testuak irakurtzera eta berrirakurtzera. Hori lortzen du Dolores Aleixandrek, ene ustez, gogoa piztea zuzenean Ruten liburuan murgiltzeko.