HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 22

Aldi hartan, berriro agertu zitzaien Jesus ikasleei Tiberiades itsasertzean.  Honela gertatu zen agerpena. Elkarrekin zeuden Simon Pedro, Bikia zeritzan Tomas, Natanael Galileako Kanakoa, Zebedeoren semeak eta beste bi ikasle. Simon Pedrok esan zien: «Arrantzura noa»  Gainerakoek erantzun zioten: «Zurekin goaz geu ere» Atera eta ontzira igo ziren. Baina gau hartan ez zuten ezer harrapatu. Eguna argitu zuenean, ur-ertzean agertu zen Jesus; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zela. Jesusek esan zien: «Mutilak, ba al duzue jatekorik?» Haiek erantzun: «Ez» Jesusek orduan: «Bota sarea txaluparen eskuinaldera eta aurkituko duzue» Bota zuten, bada, eta, hainbeste arrain harrapatu zutenez, ez ziren sarea ateratzeko gauza. Orduan, Jesusek maite zuen ikasle hark esan zion Pedrori: «Jauna da» Simon Pedrok, Jauna zela aditu zueneko, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta jauzi egin zuen urera. Beste ikasleak txalupan etorri ziren, sarea arrainekin arrastaka zekartela, lehorretik hurbil baitzeuden, ehunen bat metrora. Lehorrera jaitsi zirenean, su-txingarrakikusi zituzten eta arrain bat gainean, eta ogia. Jesusek esan zien: «Ekarri harrapatu berri dituzuen arrainetako batzuk» Igo zen Simon Pedro ontzira eta lehorrera atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zen sarea urratu. Jesusek esan zien: «Zatozte gosaltzera» Ikasleetako inor ez zen ausartzen nor zen galdetzera, bai baitzekiten Jauna zela. Orduan,Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman zien, baita arraina ere. Hirugarren aldia izan zen hau, Jesus, hilen artetik piztu ondoren, ikasleei agertu zitzaiena.

Joan 21, 1-14.

Inongo zalantza izpirik gabe, fedea dohainik handiena dela bizi dugu fededun askok. Hala eta guztiz ere, aldi berean, ez gara gutxi frustrazioaren esperientzia partekatzen dugunak. Gure planak, gehiegitan, ez dira espero bezala ateratzen, eta horrek zapuztu egiten gaitu. Berpiztuarengan sinesten dugu, baina Berpiztua benetako protagonista dela sinesten al dugu?

Itsasoa, juduentzat, gaizkiaren eremua zen. Pedro eta dizipuluak, eskarmentuko arrantzaleak izanik, itsasora abiatu ziren gaua arrantzan egiteko unerik onena dela ongi zekitelarik. Hala ere, ez zuten ezer lortu. Goizean, arrantzarako garaia ez zenean, Jesusek sareak botatzeko agindu eta ia lehertu arte bete zituzten! Orduan aitortu zuten Berpiztua zela haiekin zegoena.

Jesusen bizitza publikoa mezu berarekin hasi eta bukatu zen: egizue Hark esaten dizuena. Gure nahiez, asmoez, baliabideez eta planez haratago, gure askatasuna jokoan jartzera gonbidatuta gaude, sarerik gabeko salto bat egitera: Jesus Berpiztuaz fidatzera, benetako protagonista Bera delako. Hau horrela dela sinestera ausartzen al gara?

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.