HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 21
Aldi hartan, Emausko ikasleek bidean gertatua kontatu zuten eta nola ezagutu zuten Jauna ogia zatitzean. Horretan ari zirela, Jesus bera agertu zen ikasleen erdian eta esan zien: «Bakea zuei» Haiek, beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten ari zirela uste zuten. Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutu zarete? Zergatik sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan? Ikusi nire esku-oinak: Ni naiz. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta Nik bai, ikusten duzuenez» Eta hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien. Haiek, ordea, pozaren pozez oraindik ere ezin sinetsirik eta harriturik baitzeuden, Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?» Arrain erre puska bat eskaini zioten. Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen. Gero, esan zien: «Hauxe da, artean zuekin nengoela, esan nizuena: Moisesen legean, profetetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela» Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak uler zitzaten. Eta esan zien: «Idatzia zegoen, Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hilen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihotz-berritzea hots egin behar zaiela haren izenean herri guztiei, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete gauza hauen testigu».
Lukas 24, 35-48.
Fedea Elizaren bitartez jasotzen dugun dohaina da, baina horrek ez du fede hori ezbairik gabeko esperientzia bihurtzen. Fedeagatik, kristauok Jainkoarengan eta Jesu Kristorengan sinesten dugula diogu. Baina, sarritan, aitortzen dugun fede hori gure bizitzetan gorpuztean, zalantzak sortzen zaizkigu.
Gaurko Ebanjelioan, lehen komunitatea zalantzetan murgilduta sortu zela ikusten dugu, Jesusen ikasle eta ikusle zuzenak izanak, ez zituen Haren lekuko egin. Berpiztuaren agerraldiak ere ez zien Hura zela sumatzen lagundu. Berriro ere, ekimena Jainkoarena izango da, ez du amore ematen, tematu egiten da: gorputzean gurutzeak utzitako aztarnak erakutsi zizkien eta haiekin jan zuen. Orduan ulertu zituzten, Berpiztuaren argitan, Moisesen legea eta profeten esanak. Piztueraren argitan, sinesgogorrak zirenak lekuko bihurtu ziren, eta misioa jaso zuten, Jerusalemdik hasi eta mundu zabalera bihotz-berritzera eta bekatuak barkatzera joateko.
Eliz gizon eta emakumeak gure fedea etengabe eguneratzera eta, gaur eta hemen, Berpiztuaren presentziaren zeinuak bilatzera gonbidatuta gaude, Haren benetako lekuko izan gaitezen. Fedea eguneratu eta Berpiztuaren egungo seinaleak antzeman: ez al dira, ba, txanpon beraren bi aldeak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.