HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 20

Egun hartan bertan, asteko lehen-egunean, Jesusen bi ikasle Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen gertaturiko guztiez mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus berbera hurbildu zitzaien eta haiekin zihoan; haien begiak, ordea, itsu zeuden eta ez zuten ezagutu. Jesusek esan zien: «Zertaz diharduzue hizketan bidean elkarrekin?» Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas zeritzanak, erantzun zion: «Zu izango zara Jerusalemen egun hauetan gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!» Jesusek galdetu zien: «Zer gertatu da, ba?» Haiek erantzun zioten: «Nazareteko Jesusi gertatua; profeta ahaltsua zen egitez eta hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure apaizburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutzean josi. Guk uste genuen hark askatuko zuela Israel; baina bada hiru egun hori gertatu dela. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela; goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeruak agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek esan bezala aurkitu dute; baina bera ez dute ikusi» Orduan, Jesusek esan zien: «Bai zentzugabeak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko! Ez al zuen, bada, Mesiasek hori guztia sufritu behar, bere aintzan sartzeko?» Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek hari buruz zioten guztia azaldu zien. Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin zuen. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu» Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko. Haiekin mahaian zegoela, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta eman zien. Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu zuten; baina Jesus desagertu egin zitzaien.

Haiek elkarri esan zioten: «Ez al genuen bihotza sutan, bidean hitz egiten zigunean eta Liburu Santuak azaltzen zizkigunean?» Eta berehala altxatu eta Jerusalemera itzuli ziren. Han Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, hau ziotela: «Piztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu zaio» Bi ikasleek bidean gertatua kontatu zieten eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.

Lukas 24, 13-35.

Emausko ikasleek Jesusekin egindako bideak argi adierazten digu, Pazko esperientzia ez dela egun bateko kontua; prozesu bat da eta erne egotea eskatzen du. Pasarte honek  fede esperientziarako giltzarri batzuk adierazten dizkigu :

  • Jesus Berpiztuarekin topo egitea bizitzaren bidean ematen da. Hil ondoren, Jesus beti gurekin doa. Baina pasarteak ohartarazten digu posible dela bere ondoan ibiltzea eta ez ezagutzea, ez ohartzea.
  • Liburu Santuen garrantzia. Bizitza ematen duen Jesusekin topo egin nahi badugu, otoitza zaintzera deituak gaude. Gure bizitzako esperientzia bere Hitzarekin barneratuz.
  • Ikasle hauek Jesus ogia zatitzean ezagutzen dute. Atzean gelditzen da hainbeste otordu elkarrekin, ogien ugalketa eta antzeko hainbat esperientzia. Nola bizi dugu Eukaristia, ogi “zatitze” eta elkar banatze hori?
  • Elkartearen garrantzia. Kasu honetan bi dira, baina esperientzia honen ondoren, bizitakoa elkar banatzeko Jerusalemera itzultzen dira. Ezkortasunak taldea uztera bultzatzen ditu, baikortasunak albiste handia kontatzera itzultzera behartzen ditu. Nola bizi dugu fede elkartea?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.