HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 18

Aldi hartan, emakumeak hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz baina poz-pozik, lasterka joan ziren ikasleei berri ematera. Hartan, Jesus atera zitzaien bidera eta agur egin zien. Emakumeek, hurbildurik, oinak besarkatu zizkioten eta gurtu egin zuten. Orduan, Jesusek esan zien: «Ez beldur izan! Zoazte eta esan nire senideei Galileara joateko. Han ikusiko naute» Emakumeak bidean zihoazela, guardiako batzuek hirira joan eta gertatutako guztiaren berri eman zieten apaizburuei. Hauek, zaharrekin bildu eta hitzartu ondoren, dirutza handia eman zieten gudariei, hau aginduz: «Esazue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zeundetelarik, gorpua lapurtu dutela. Eta Gobernariaren belarrietara ezer iristen bada, geuk hitz egingo diogu eta arriskutik aterako zaituztegu» Haiek dirua hartu eta agindu bezala egin zuten. Eta gaurdaino zabaldu da kontu hori juduen artean.

Mateo 28, 8-15.

Jesusek, bidean zihoan emakume talde bat agurtu zuen. Nahiz eta zerbait desberdina izan, Betanian gertatu zen antzera, Jesusi oinak besarkatzen dizkiote. Maitasun neurriak hor jarraitzen du.

Ondoren beldurrik ez izateko esateaz gain,  senideei Galileara joateko mezua ematea eskatzen die emakume hauei. Zer suposatzen du Galileara joateak?

Galilean Jesusekin maitasun unibertsalaren iraultza hasi zen. Jatorrira itzultzea sustraiak berreskuratzea da, funtsezkoenera itzultzea. Bizitzaren konplexutasunak batzuetan zentzua eta balioa duena ikustea maiz galarazten digu. Jesus Berpiztuak, alaitasunera eta beldurrik ez izatera gonbidatzen du, baita berak hasitako proiektua jarraitzera ere. Gure “Galilean” aurkituko dugu Jesus, bidelagun, heriotzaren eta giza berekoikeriaren garailea.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.